Leyre Oskozek bigarren urtez jarraian jantzi du San Fermin Torneoko 4 eta erdiko txapela

Oskozek nagusitasunez irabazi dio Ane Mendibururi Labriten jokatutako finalean. Jaialdia Marta Gomezen lesio zorigaiztokoarekin hasi da, binakako finalaurdenean.


San Fermin Torneoak emozioz beteriko goiza utzi du gaur Iruñeko Labrit pilotalekuan. Jaialdiak bi hitzordu garrantzitsu zituen aurretik: binakako txapelketako finalaurdena eta 4 eta erdiko final handia. Kirol mailako erakargarritasunaz gain, jardunaldiak izaera berezia izan du, Nafarroako Esklerosi Anizkoitzaren Elkartearen alde jokatu baita.


Goiza, ordea, albiste txar batekin hasi da. Binakako finalaurdenean, Iturriaga-Ruiz de Larramendi bikotea 8-1 aurreratuta zegoenean, Marta Gomezek min hartu du belaunean eta ezin izan du partidarekin jarraitu. Lesioaren ondorioz, partida bertan behera geratu da. Ados Pilotak animo mezu berezia helarazi nahi dio Gomezi, eta lehenbailehen osatzea opa dio.


Une zail horren ostean, 4 eta erdiko finalari ekin zaio. Aurrez aurre, iazko finaleko protagonista berak: Leyre Oskoz eta Ane Mendiburu. Iaz ere bi pilotariek jokatu zuten San Fermin Torneoko finala, eta gaurkoan Mendiburuk errebantxa hartzeko aukera zuen. Aurtengo ligaxkan ere bien arteko partidak maila handiko lehia eskaini zuen, eta horrek ikusmin handia sortu zuen finalaren atarian.


Baina finalak hasiera-hasieratik izan du protagonista argia: Leyre Oskoz. Pilotari nafarrak indartsu ekin dio norgehiagokari, kantxan jaun eta jabe agertuz. Pilota alde batetik bestera mugitu du, erritmo bizia ezarri du eta tantoa eraikitzeko gaitasun handia erakutsi du. Bere jokoak Mendiburu defentsara eraman du behin eta berriz.
Ane Mendiburuk lan handia egin du. Defentsan gogotik saiatu da, pilota zailak altxatu ditu eta partidatik ez erortzeko borroka egin du une oro. Hala ere, Oskozek hasieran lortutako aldeak pisu handia izan du, eta gerora erabakigarria bilakatu da.


Partiduaren erdialdean, Mendiburuk erasora jotzeko izan dituen aukera bakanetan tanto ederrak utzi ditu. Ausardiaz jokatu du, tantoa bilatu du eta hainbat jokalditan bere kalitatea erakutsi du. Baina gaurkoan ez da nahikoa izan Oskoz handi bat mendean hartzeko.
Oskozek partida oso serioa jokatu du, konfiantzaz, erritmoarekin eta eraginkortasun handiz. Momentu garrantzitsuetan ez du zalantzarik egin, eta finala bere alde bideratu du hasieratik erakutsitako nagusitasunari esker.


Honenbestez, Leyre Oskozek San Fermin Torneoko 4 eta erdiko txapela jantzi du bigarren urtez jarraian. Iazko garaipenari jarraipena eman dio gaur Labriten, eta berriro erakutsi du modalitate honetan erreferentziazko pilotarietako bat dela.


Sari banaketa, ohi bezala, hunkigarria izan da. Bertan izan dira Nafarroako Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteko kideak, Maider Otegi, Iruñeko Udaleko zinegotzia, eta Rakel Anjol, Iruñeko Peñen Federazioko presidentea. Elkarteko kideen presentziak jaialdiaren izaera solidarioa indartu du, eta txapelketari kiroletik haragoko balioa eman dio.


Ados Pilotak eskerrak eman nahi dizkie Labritera gerturatu diren zale guztiei, Iruñeko peñei, babesleei bereiziki Iruñeako Udala eta Reyno Gourmeti eta Nafarroako Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteari. Gaurko jaialdiak berriro erakutsi du emakumeen pilota profesionalak baduela lekua San Fermin giroan, eta kirola, festa eta elkartasuna eskutik joan daitezkeela.


San Fermin Torneoak aurrera jarraituko du, eta hurrengo hitzordu nagusia binakako final handia izango da datorren ostiralean.