| Ados Pilotak 2026ko Binakako Txapelketa aurkeztu du gaur Azpeitian, lehiaketaren hazkundea berretsiz eta bi maila nagusirekin: promozioa eta lehen maila. Txapelketa Sistema Lehia bizia bermatzeko, honako sistema hau zehaztu da: •Promozio mailan: 4 bikoteek joan-etorriko liga jokatuko dute. Lehen sailkatua zuzenean sailkatuko da finalera, eta bigarren zein hirugarren sailkatuek finalerdia jokatuko dute elkarren aurka. •Lehen mailan: 6 bikoteek joan-etorriko liga jokatuko dute, eta ligako lehen lau sailkatuek lortuko dute finalerdietarako txartela. Promozio Maila: Harrobiaren indarra 8 pilotarik hartuko dute parte (4 bikote): Arruti – Alberro, Iriarte – Ernaga, Gómez – Sotil eta Sagardui – Etxeberria (bikoterik gazteena). Aipagarria da pilotarien erdiak Ados Pilotako eskolako harrobikoak direla. Gainerakoak Ardoi, Larraun, Umore Ona eta Ziotza pilota eskoletatik datoz. Lehen Maila: Berrikuntzak eta aukerak 12 pilotarik hartuko dute parte (6 bikote): Iturriaga – Orbegozo, Barrokal – Perez, Oskoz – Arrastia, Mujika – R. Larramendi, Aranburu – Mendiburu eta Gomez – Agirre. Aurtengo berrikuntza nagusia Maite Mujika eta Olatz Ruiz de Larramendik osatuko duten bikotean dago. Mujikak lehen aldiz jokatuko du aurrelari gisa, eta izeba eta iloba elkarrekin ikusteko aukera berezia eskainiko dute. Bestalde, Alejandra Perezek eta Marta Gomezek lehen mailara jauzi egingo dute aurten, Maddi Barrokal eta Naroa Agirre bezalako esperientzia dun pilotarien laguntzarekin. Egutegia eta Egoitzak Txapelketa abenduaren 27an hasiko da Larraintzarren eta 2026ko martxoaren 28an amaituko da Azpeitiako final handiarekin. Aurten ere 25 udalerritik gora hartuko dituzte partidak Larraintzar, Tafalla, Sopuerta, Olaberria, Antzuola, Zerain, Irurtzun, Zestoa, Lekunberri, Durango, Eltziego, Donostia, Biarritz, Eulate, Mallabia, Ereñotzu, Aizarnazabal, Lekeitio, Zumarraga, Bergara eta Bera. Finalaurrekoak Beasainen eta Legazpian jokatuko dira. Azpeitiko Udalaren babesa Aurkezpen ekitaldian, Jon Oteiza Azpeitiko Udaleko zinegotziak hartu du hitza, eta Udalak berdintasunaren alde duen konpromisoa eta Ados Pilotaren lana azpimarratu ditu: “Azpeitiko Udalak beste behin berdintasunaren aldeko apustua berresten du txapelketa honi babesa emanez. Ados Pilotak emakumezkoen pilotaren bidean egiten duen lana goraipatzekoa da, eta ohorea da guretzat final handia berriro ere Izarraitz pilotalekuan hartzea”, adierazi du Oteizak. Eskertza Ados Pilotak eskerrak eman nahi dizkie nola ez Azpeitiari beste behin emandako laguntzagatik eta txapelketa hau posible egiten duten udal eta eragile guztiei. Era berean, esker bereziak eman nahi dizkiegu gure babesle guztiei, eta bereziki gure babesle nagusiak diren Reyno Gourmet eta Nafarroako Gobernuari, emakumezkoen pilotaren aldeko apustu irmoa egiteagatik. |