Hernaniko Udal Pilotalekuan jokatu da II. Etxeko Memorialeko finala. Kukuprakak eta Mitxoletak taldeak izan dira aurrez aurre, eta azken garaipena Mitxoletentzat, Naroa Agirre, Irati Betegi, Iera Agirre eta Nerea Elustondorentzat izan da.
Finala 4 eta erdiko partidarekin abiatu da. Lehen norgehiagokan Agirre eta Oskoz aritu dira. Oskozek sendo ekin dio partidari, eta hasieratik aldea zabaltzea lortu du markagailuan. Agirrek, ordea, ez du amore eman, eta partidaren bigarren zatian atzetik aurrera egiteko ahalegina egin du, lehia estutuz. Azkenean, Oskozek eutsi dio abantailari, eta 18-13 nagusitu da.
Emaitza horrekin, finala zabalik iritsi da binakako partidara. Bigarren norgehiagokan, ordea, Mitxoletak taldeko Iturriaga-Betegi bikoteak erakustaldi bikaina eskaini du. Hasieratik hartu dute partidaren agintea, eta ez diete aukerarik eman euren egunik onena izan ez duen Aranburu-Ruiz de Larramendi bikoteari. Sendotasunez eta eraginkortasunez arituta, 22-1 gailendu dira, eta garaipen horrek Mitxoletei eman die puntua eta, ondorioz merezitako txapela.
Sari banaketak kutsu berezia izan du. Hernaniko Udaleko ordezkari Asier Mingoz gain, bertan izan baita Naroaren ama, eta haren parte-hartzeak une benetan hunkigarria utzi du pilotariei bere eskutik txapelak jartzerako momentu ahaztezinean.
Horrela amaitu da II. Etxeko Memoriala, kirola, bertsoa eta oroimena uztartu dituen txapelketa berezia. Bigarren edizioak maila handiko jardunaldiak, lehia estua eta giro ederra utzi ditu, eta gaurko finalak amaiera borobila eman dio aurtengo ibilbideari.
Emaitzak
4 eta erdikoa
Oskoz 18 – 13 Agirre
Puntua: Kukuprakak
Binakakoa
Iturriaga-Betegi 22 – 1 Aranburu-Ruiz de Larramendi
Puntua: Mitxoletak
Azken emaitza
Kukuprakak 1 – 1 Mitxoletak
Tantoen aldeari esker, txapela: Mitxoletak
🌸 Txapeldunak: Mitxoletak