Ados Pilotak San Fermin torneoa aurkeztu du

Txapelketak bi modalitate izango ditu: lau eta erdikoa eta binakakoa. Finalak uztailaren 5ean eta 10ean jokatuko dira, hurrenez hurren.
Ados Pilotak San Fermin Torneoaren edizio berria aurkeztu du ostegun honetan Iruñeko Kondestablearen Jauregian. Emakume pilotari profesionalen egutegian sendotutako hitzordua da dagoeneko, eta urtero bezala, izaera solidarioa izango du. Aurtengo edizioa Nafarroako Esklerosi Anizkoitzaren Elkartearen alde jokatuko da.
Aurkezpenean parte hartu dute Maider Belokik, Iruñeko Udaleko zinegotziak; Rakel Anjolek, Iruñeko Peñen Federazioko presidenteak; Maite Ruiz de Larramendi Mugicak, Ados Pilotaren ordezkari gisa; Silvia Lorea Loperenak, Nafarroako Esklerosi Anizkoitzaren Elkartearen ordezkariak eta Maite Gabilondok, Reyno Gourmeten izenean. Ekitaldian aurtengo txapelketaren xehetasunak ezagutu dira.
San Fermin Torneoak bi lehiaketa izango ditu: lau eta erdikoa eta binakakoa. Lau eta erdikoan Maddi Barrocal, Ane Mendiburu, Leyre Oskoz eta Natale Aranburu arituko dira. Ligaxka bidez jokatuko da, eta lehen bi sailkatuak finalera igaroko dira. Lau eta erdiko partidak nagusiki Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko dira, nahiz eta norgehiagoka bat Tiebasen izango den. Lau eta erdiko final handia uztailaren 5ean jokatuko da.
Bestalde, binakako txapelketa iaz bezala playoff sistemaren bidez jokatuko da. Honako bikote hauek hartuko dute parte: Aranburu-Mujika, Iturriaga-Ruiz de Larramendi, Oskoz-Orbegozo eta Gomez-Arrastia. Barrocal-Mendiburu bikotea, berriz, zuzenean sartuko da finalerdietan. Binakako finala uztailaren 10ean jokatuko da.
Modalitate horretan, txapelketa hainbat frontoi eta herritatik igaroko da. Binakako partidak Urroz-Villan, Ubiden, Segovian, Eulaten, Lesakan eta Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko dira. Segoviako hitzordua bereziki esanguratsua izango da, lehen aldiz jokatuko baitu Ados Pilotak han partida ofizial bat. Hala, San Fermin Torneoak bere eremua zabalduko du eta emakumezkoen pilota profesionala ohiko plazetatik harago eramango du.
Bere hitzartzean, Maider Belokik, Iruñeko Udaleko zinegotziak, San Fermin Torneoaren garrantzia nabarmendu du hiriko kirol egitarauaren barruan, Iruñea pilotaren munduko hiriburu bihurtzeko egiten ari den lanaren testuinguruan. Belokik azpimarratu du, halaber, San Ferminen bueltan horrelako torneo bat antolatzeak aukera ematen duela emakumezkoen pilota profesionala herritarrengana hurbiltzeko eta biziki eskertu du Ados Pilotak berdintasunaren bidean egiten duen lana.
Bide beretik, Rakel Anjolek, Iruñeko Peñen Federazioko presidentak, San Fermin Torneoak peñen eta jai giroaren barruan duen balioa azpimarratu du. Anjolen esanetan, “San Ferminak herritarren parte-hartzerik gabe ez lirateke ulertuko, eta pilotak ere badu bere lekua jaietan. Horregatik, pozgarria da emakume pilotari profesionalen torneo honek urtez urte indarra hartzea peñen babesarekin”
Aurtengo edizioak urteroko legez izaera solidario berezia izango du, Nafarroako Esklerosi Anizkoitzaren Elkartearen alde jokatuko baita.
Silvia Lorea Loperenak, Nafarroako Esklerosi Anizkoitzaren Elkartearen ordezkariak, eskerrak eman dizkio Ados Pilotari aurtengo torneoaren izaera solidarioagatik, eta azpimarratu du horrelako ekimenek aukera ematen dutela esklerosi anizkoitzaren errealitatea gizarteari hurbiltzeko. Gainera lortutako dirua exoeskeleto berria erostea bideratu nahi dutela adierazi du.
Maite Gabilondok, Reyno Gourmeten izenean, nabarmendu du markarentzat garrantzitsua dela Nafarroako nortasuna, kalitatea eta lurraldearekiko konpromisoa islatzen dituzten horrelako ekimenak beste urte batez babestea eta Ados Pilotak bat egiten du balio horiekin.
Ados Pilotatik ere aipamen berezia egin zaie txapelketa hau posible egiten duten babesle eta laguntzaile guztiei. Bereziki, Iruñeako Udalaren eta Reyno Gourmeten babesletzak nabarmendu dira, beste urte batez San Fermin Torneoaren babesle nagusiak izango baitira.
Laguntza horri esker Ados Pilotak emakume pilotari profesionalentzako erreferentziazko lehiaketak sustatzen jarrai dezake, are gehiago San Fermin bezalako testuinguru berezi batean. Torneoak maila handiko partidak eskainiko ditu, pilotarien lana ikusaraziko du eta kirolaren, zaleen eta gizarte-konpromisoaren arteko lotura indartuko du.
Lehiaketa sistema eta egutegia
Lau eta erdikoa
Parte-hartzaileak: Maddi Barrocal, Ane Mendiburu, Leyre Oskoz eta Natale Aranburu.
Sistema: ligaxka.
Lehen bi sailkatuak finalera igaroko dira.
Finala: uztailaren 5ean, Labriten.
Lau eta erdiko egutegia
Ekainaren 18an, Labriten: Aranburu-Oskoz.
Ekainaren 21ean, Tiebasen: Mendiburu-Barrocal.
Ekainaren 25ean, Labriten: Oskoz-Mendiburu eta Barrocal-Aranburu.
Uztailaren 2an, Labriten: Aranburu-Mendiburu eta Barrocal-Oskoz.
Uztailaren 5ean, Labriten: finala.
Binakakoa
Sistema: playoff.
Binakako egutegia
Ekainaren 14an, Urroz-Villan: Gómez-Arrastia eta Oskoz-Orbegozo bikoteen arteko partida.
Ekainaren 21ean, Ubiden: Iturriaga-Ruiz de Larramendi eta Aranburu-Mujika bikoteen arteko partida.
Ekainaren 27an, Segovian: Urroz-Villako eta Ubideko irabazleak elkarren aurka.
Ekainaren 28an, Eulaten: Urroz-Villako eta Ubideko galtzaileak elkarren aurka.
Uztailaren 5ean, Labriten: Segoviako galtzailea Eulateko irabazlearen aurka.
Uztailaren 9an, Lesakan: Labriteko irabazlea Barrocal-Mendiburu bikotearen aurka.
Uztailaren 10ean, Labriten: finala.
Binakako txapelketan, Segoviako irabazlea zuzenean sailkatuko da finalera. Barrocal-Mendiburu bikotea, berriz, zuzenean sartuko da Lesakako finalerdian.