Oskoz-Arrastia eta Arruti-Alberro, Ados Pilotako Binakako Txapelketako txapeldun

Atzo gauean jokatu zen Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan Ados Pilotako Binakako Txapelketako finalen jaialdia, eta bertan erabaki ziren aurtengo txapelak. Lehen Mailan, Leyre Oskoz eta Amaia Arrastia nagusitu ziren Oihana Orbegozo eta Iturriagaren aurka, 13-22ko emaitzarekin. Promozio Mailan, berriz, Intza Arruti eta Dunixe Alberro gailendu ziren Alize Sagardui eta Ainitze Etxebarriaren aurrean, 22-12 irabazita.

Azpeitian jokatutako hitzorduak, gainera, erantzun bikaina izan zuen harmailetan, eta 600 lagunetik gora bildu ziren finalen jaialdia bertatik bertara jarraitzeko. Lehen Mailako finalean Iturriagak txapelketako pilotari onenaren saria jaso zuen, eta Promozio Mailan sari bera Intza Arrutirentzat izan zen.

Lehen Mailako finalean, hasiera parekatua izan zen eta gorriek hobeto ekin zioten neurketari; 4-2 eta 5-3 ere aurretik jarri ziren, eta 9-6koa ere lortu zuten. Hala ere, partidaren bigarren zatian urdinek maila bat gora egin zuten, eta hor hasi zen finalaren norabidea aldatzen. 12nako berdinketaren ostean, Oskoz-Arrastia bikoteak 1-10eko partziala sartu zuen, eta hortik aurrera ez zuen aukera handirik eman. Oskozek min handia egin zuen sakearekin eta aurrean erabakigarria izan zen; Arrastiak, berriz, lan oso sendoa osatu zuen atzeko koadroetan.

Azken markagailuak ez du guztiz islatzen Iturriaga eta Orbegozoren lana, finalari ondo heldu baitzioten eta tarte luzez aurretik ere ibili baitziren. Hala ere, neurketak aurrera egin ahala, urdinek gero eta erosoago jokatu zuten eta, jokoaren ekimena hartuta, merezimendu osoz jantzi zuten txapela.

Promozio Mailako finalean ere txapelketa bikainari amaiera borobila eman zioten Arruti eta Alberrok. Finalera faborito iritsi ziren, eta kantxan ere erakutsi zuten zergatik. Hasieran aurkariak biziago aritu baziren ere, txapeldunek ondo eutsi zioten neurketari eta partidaren joana bereganatzen jakin zuten, azkenean 22-12ko garaipenarekin txapela eskuratuz.

Finalen jaialdiak, gainera, kirol ikuspegia gainditzen zuen balio erantsia izan zuen. Aurrez iragarri bezala, bildutako diruaren zati bat Korrikaren alde bideratuko da, eta horren bidez berriz ere agerian geratu zen pilotak eta euskarak duten lotura estua. Jaialdiaren amaieran, gainera, datorren urteko finalen lekuko aldaketa sinbolikoa ere egin zen: Azpeitiko zinegotzi Ion Oteizak lekukoa eman zion Donostiako ordezkari Iñaki Gabaraini, 2027ko Binakako Txapelketako finalen jaialdia Donostian jokatuko dela irudikatuz. Azpeitiko gauak, beraz, txapelak ez ezik, pilota, euskara eta zaleen babesa ere jarri zituen erdigunean.